2011/10/26
Haurrak eta Jolasak:
Egunean zehar haurrekin jolasteko tartea izatea haren garapenean elikadura bezain garrantzitsua da. Hala ere, gure seme-alabekin jolastea ez da lan erraza. Gurasoentzat aspergarria da batzuetan eta eguneroko bizitzan aparteko ahalegina eskatzen die, gero eta estres gehiago eta denbora librea urria nagusi diren garai honetan. Hiru urte bete arte jolasa oso garrantzitsua da, izan ere garai horretan haurrek euren artean ez dute horrenbeste jolasten -hasieran txikiegiak direlako eta ondoren jolasaren mundua deskubritzeko gurasoak nahiago dituztelako. Ildo honi jarraituz, ikasketa askok erakusten dute haurtzaroan jolasa batasunaren oinarri bihurtu duten familiek nerabezaroan arazo gutxiago izan dituztela. Baina oso asmo onak eduki daitezke eta jolasa erakargarri eta onuragarri nola bihurtu ez jakin.
Lehenengo urtean:
Jarrera ludikoak haurra jaiotzen denetik hor daude. 8 hilabete bete arte gorputza du jostailu eta batzuetan baita bere arreta bereganatzen duen oso gertuko gauzaren bat ere. 9 hilabetetik aurrera, eskuz atzeman dezakeen guztia da jostailua eta harengan eragin dezakeela konturatzen denean, ekintza behin eta berriz errepikatzen du.
Gurasoen funtzioa:
- Gurasoek erabateko konfiantza izan behar dute haurrak jolasteko duen gaitasunean eta iniziatiba eskaini behar diote.
- Haurrari begiratu behar diote jolasa zertan den ulertu arte. Ulertzen ez bada, imitatu.
- Altuera berean jolasten saiatu behar dugu beti, nola lurrean hala mahaian.
- Beraiekin jolastea aurreikusi dugun denbora errespetatzea garrantzitsua da. Egunean zehar ordu erdi baino ez bada, horretara soilik egon behar da. Haurrak ere ezin ditu beste behar batzuk eduki, gosea edo logura, esate baterako.
- Beharrezkoa bada, orientabideak eman daitezke jolasean, baina inoiz ez da araurik inposatu behar. Ezer gutxirako balio du.
Jolasak:
- Imitazioa oinarrizkoa da. Minutuak igaro ditzakete soinuak, txaloak eta mugimendu errazak errepikatuz.
- Hamabi hilabete inguru izandakoan, haur handiagoekin lau hanketan ezkutaketan eta harrapaketan jolastea gustatzen zaie gehien.
- Pilotari begiratzen die arretaz, etorkizuneko jolas askotan lagunduko diena. Pilotak nahikoa handia izan behar du, ahoan ez kabitzeko modukoa.
- Kaxa batean gauzak sartu eta ateratzea oso dibertigarria iruditzen zaie, beraiei begira egonez gero batez ere eta zuzen egindakoan euren arrakasta aitortuz.
Jostailuak:
- Gurasoak dira lehenengo hilabeteetan jostailurik onena, nahiz eta topikoa iruditu.
- Egunek aurrera egin ahala, ordura arte segundo bakarreko arreta baino merezi izan ez duten opariak euren jakingura pizten hasten dira, baina oraindik ere arin aspertzen dira haiekin.
3 urte arte:
Haurrak esna igarotzen duen denboraren %60 adin honetan jolasari eskaintzen dio, edo horrela izan beharko luke, behintzat. Zehaztapen hau Espainiako Pediatria Elkarteak eginiko oharra da. Haiek diotenez gure haurrek gero eta gutxiago jolasten dute eta euren aisia ekintza pasiboagoekin betetzen dute, telebista eta bideojokoetan oinarrituta batez ere. Adin tarte honetan, halaber, jostailuak eskura eduki arren, adinekoen presentzia ezinbestekoa da. Haurrak oraindik ez du jolasteko adin berekoen presentzia eskatzen; espazioa eta baita jostailuak ere partekatu ahal izango ditu beste haur batzuekin, baina haiek ez dute bere jolasean parte hartzen.
Gurasoen funtzioa:
- Orain jolasak beraiek edo jostailuek garrantzia hartzen dute, baina oinarrizkoa izaten jarraitzen du gurasoek jolasari denbora zehatza eskaintzea.
- Eurek jartzen dituzte arauak, nahiz eta berez arauak ez izan, ez baitira betetzen. Pertsona nagusia laguntzeko dago hor, ez erakusteko. Berezkotasunak afektibotasuna adierazten du eta komunikazio eta errespetuzko harremanak elkar trukatzeko bidea ematen du.
- Haurrek euren jolasetan adin nagusiek egiten dituzten jarduera berberak errepikatzen dituzte, era horretan euren bizitzarako gaitasunak eskuratuz. Nagusiek eguneroko zenbait gauza egiten dituzten bitartean haien berri haurrei ematea jarduera erabilgarria izan ohi da.
- Bi urtetik aurrera gutxi gorabehera hizkuntza erabiltzen hasten dira eta egin ordez esan egiten dute. Urrats handi hau ekintza eta hitzen eskema sinbolikoan islatzen da. Lehen errealitatea era mimikoan asmatzen bazuten, orain laguna mundu irreal hori konpartitzera gonbidatzen dute. "Demagun..." horrela adierazten dute antzerki proposamen bat egiteko nahia, zalantzarik gabe, onartzea merezi duena.
- Gurasoek presa handia izan ohi dute seme-alabek hainbat gaitasun eta ezagutza bereganatzeko, hala ere, haurtzaroa luzatzea garrantzizkoa da.
Jolasak:
Pilota funtsezkoa izan ohi da jolasean. Harrapaketan jolastea asko gustatzen zaie eta baita abestu eta dantza egitea ere, poliki-poliki gorputzeko atalez espresioa lantzen hasten dira...
Jostailuak:
- Panpinak eta pelutxeak, eta bultza egin, zamatu eta hustu dezaketen autoak, trenak eta kamioiak.
- Pieza handiko buruhausgarri eta puzzle errazak.
- Muntatzeko joko errazak.
- Hondarretan jolasteko ontziak, palak eta moldeak.
- Arotzaren bankua.
3 urtetik aurrera:
Haurrak umetxo izateari utzi dio eta adin bertsua dutenekin erlazionatzen hasten da, jolasak haiekin partekatu nahi ditu eta gurasoekiko independentzia handiagoa lortzen du. Bakarrik jolastuz luze entretenitzeko gauza da, hori dela eta, gurasoen jolas denbora ipuinaren irakurketak ordezkatu behar du.
- Jolasen Ezaugarriak :
Denbora pasa edo jostagarri huts izateaz gain, heldutasuna iristen denerako bizitzaren ikaskuntza prozesutzat jotzen da jolasa. Gurasoek ere badute beste kezka bat: telebista ez dadila haurren jostagarri bakarra izan. Bi faktoreak kontuan hartuta, gurasoak konturatu dira jolasa bultzatu eta nola jolastu ikasi beharra dagoela. Jolasteko beharra berezkoa da, 1959ko Haurtzaroren Eskubideen Deklarazioak hala dio bere zazpigarren artikuluan: jolasa eskubide unibertsala da, haurren ongizateari begira dagoen garapen kulturalaren ebidentzia. Jolasa zehazten duten ezaugarriak ondorengo hauek dira:
- Jolasa atsegingarri eta dibertigarria da.
- Jolasaren motibazioak bere baitan geratzen dira eta ez daude beste helburu batzuen zerbitzura. Hain zuzen ere, bitartekoen atsegingarri da helburu zehatz bati begirako ahalegina baino gehiago.
- Jolasa borondatezkoa eta berezkoa da, inoiz ez derrigorrezkoa.
- Jolasten duenaren aldetik parte hartze aktiboa eskatzen du.
- Lasaitasuna eta poztasun emozionala eskaintzen du badakigulako jolasa baino ez dela.
- Aldez aurretik ez dago ezer ikasi beharrik.
Informazioa Eroski Consumer webgunetik gureganatua.Gaia sakondu nahi izanez gero egizu klik hementxe.
2011/10/30
HAURRAK ETA JANARIA
Jatea ez da jolasa, baina jaten ikastea izan daiteke:
Haurrak mahaira eseri, eta helduen gisa joka dezaten nahi izaten dugu maiz. Zintzo-zintzo jarri eta ez daitezela mugitu, platerean ateratako guztia jan dezatela, txukun-txukun, gainera. Hori, ordea, ezinezkoa da, eta alferrekoa izaten da aginduak, baldintzak, mehatxuak eta zigorrak erabiltzea: "Egon geldi!", "ez altxa mahatik guzti-guztia jan arte", "fruta bukatu gabe, ez dago izozkirik"... Haurrentzat oso nekeza da otordu osoa mahaian eserita egotea, eta are nekezagoa ez zikintzea:jaten hasten direnean, saiatuta ere, beti zikinduko dira.
Horiek guztiak erreakzio normalak dira; oso arraroa da haurrei zapore guztiak gustatzea, eta ahalegin handia egin behar izaten dute zapore eta testura berriak probatzeko. Etxe guztietan gertatzen dira halakoak, eta haurren bilakaera normal eta osasungarriaren barnean sartzen dira jokabide horiek guztiak. Hori dela eta, haurrek jaten ikasteko, lehenbizi gurasoek barneratu eta onartu behar dituzte oinarrizko arau batzuk, eta aurren-aurrena, hauxe: ulerberak eta sentiberak izan behar dute haurrekin, eta pazientzia eduki. Ez da erraza, jakina, eta are gutxiago garaiotan, non gauza guztiak ahal bezain azkar eta ahalik eta ahalegin txikienarekin lortu nahi ditugun. Horrek, baina, ez du balio seme-alabei modu osasungarrian jaten erakusteko, tentsiorik eta gatazkarik gabe. Txiki-txikitatik elikadura orekatua egiten erakusteak denbora eta ahalegina eskatzen du. Elikadura orekatua zer den jakitea erraza da, elikadura orekatua egitea baino gehiago. Haurrek bi edo hiru fruta ale jan behar dituzte egunean, bi berdura-errazio, arraina astean hirutan edo lautan, lekaleak astean bitan... Gomendio edo jarraibide horien berri edukitzea oso garrantzitsua da, baina teoriarekikoak egitea ez da hain zaila (haur-elikadurari buruzko edozein liburuk erakutsiko digu zer egin behar den). Gurasoei sortzen zaien erronkarik handiena teoriarik praktikara jauzi egitea izaten da, liburuetan ikasitako hori etxeko sukaldean gauzatzea. Ongi jaten ikasteak, beste deus baino gehiago, norberaren desira izan behar du, konbentzimendu barneratua. Jaiotzen den unetik beretik has daiteke haurra zapore berrietara ohitzen, bularreko esnetik abiatuta. Urteak igaro ahala, koherentziaz jokatu behar da, eta esaten denak bat etorri behar du egiten denarekin. Etxean jaten dutena izaten du haurrek eredu, eta, beraz, gurasoek arduraz jokatu nahi badute, eta familiaren osasunaren alde egin, elikagai osasungarriak hautatu eta prestatu behar dituzte.
Amaren esnea: elikagai berrietan lehena
Amak zer jaten duen, horren araberako zaporea izaten du haren esneak, eta aldaketa horiek lagundu egiten dute haurrak zapore berriak onar ditzan eta zaporearen zentzumena landu eta dibertsifika dezan. Ikerketa bidez frogatua dago amaren esnea hartu duten haurrak, formulako esnea eman dietenen aldean, gertuago egoten diela zapore berriak hobeki onartzeko. Amaren esnearekin elikatu dituzten haurrek zapore gehiago dastatzeko aukera izaten dute esne horren bidez, eta are gehiago amaren elikadura askotarikoa bada. Formulako esnea hartzen dutenek, berriz, ez dute izaten halako ugaritasunik. Horrexegatik, bularra ematen duen amak zenbat eta gauza gehiago jan eta zenbat eta jaki gutxiago baztertu, orduan eta aukera gehiago izango du haurra jale ona izan dadin.
Mugarik gabe
Haurrak bi urte egiten dituenean, denetarik jaten has daiteke (berdurak, frutak, arraina, lekaleak...), eta prestatu eta aurkeztu ere, modu batean baino gehiagotan egin daitezke jakiak. Une horretan, hortz-haginak aterata edukitzen dituzte haurrek, eta ongi murtxika ditzakete jakiak; digestio-aparatua, berriz, erabat garatua izaten dute. Hori dela eta, txiki-txikitatik denetarik jan dezatela komeni da. Eta gurasoen erantzukizuna da elikadura askotarikoa eskaintzea eta haurraren adinari eta bilakaerari komeni zaion neurrikoa. Izan ere, gehienetan, gurasoen ohiturek eta okerreko ereduek baldintzatzen dute haurrei gauza bat gustatzea eta beste bat ikusi ere egin nahi ez izatea. Guraso askok harrituta ikusten dute beren haurraren adin bera duen beste batek entsalada bat jaten duela, garbantzu egosiak eta ez pure eginda, edo azalore zatiak. Ohikoa izaten da gurasoek aldez aurretik epaia ematea: "Hori ez zaio gustatuko", "ez dut uste jango duenik", "saiatu ere ez egin, ez du ahorik irekiko eta"... Gisa horretako esaldien mezuak ez dira batere egokiak, eta mezuaren araberako eragina lortzen dute. Haurrek adi jarraitzen dute helduek esaten duten guztia; guk uste baino gehiago entzuten eta ulertzen dute, eta horren arabera jokatzen.
2011/11/02
Bakarkako aisialdia
Parkea, txapak, kanikak eta ogitartekoa ordezkatuak izan dira: orain, merkatal gunea, bideojokoak, telebista eta hanburgesa dira indarrean. Haur txiki eta nerabeen topaleku zen kale hura desagertuta (jolasteko toki segururik ez izatearren eta gurasoak trafikoarekin eta seme-alabei norbaitek egin diezaiekeen balizko min edo kaltearekin beldurturik, besteak beste), hiria umearentzat jolastoki desegokia bihurtu da. Egun, espazio irekietan libre jolastea ia-ia ezinezkoa da, errealitate berri horretako eskola-jardunaldi luzeekin, eskolaz kanpoko ekitaldiekin eta aisialdirako produktuen oldearekin lotzen badugu, batik bat. Dagoeneko haur asko ez da jolasten, horren ordez denbora-pasako produktuak (telebista, bideojokoak, etab.) "kontsumitu" egiten du: horra txikien astia betetzeko irtenbide soila, olgetaren globalizazioa. Egungo gizarte honetan teknologia geroz eta indartsuagoa da eta aisialdia, orain, elektronikoa da. Segapoto bidezko mezu laburren igorpena eta chat mundua gaztetxoen ohiko harremanak aldarazten ari dira eta sendagilearen kontsultara iritsi dira dagoeneko lehen ziber-morroiak: haur eta nerabe horiek ezin diote utzi bideojokoekin aritzeari edo online berriketan jarduteari.
Espainiako Hedabideak Ikertzeko Elkarteak argitara eman zuen "Espainiako 2004 urteko Hedabideen Audientzia haur eta Gaztetxoen artean" azterlanak azpimarratu zuenez, 8 eta 13 urte arteko umeek beren geletako pelutxe tradizionalen ordez musika-ekipoak (%46,4), telebistak (%36,2) edota ordenagailuak (%22,1) ezarri dituzte. Bideojokoak gaztetxo guzien %73,7k dauzkate eta astean, batez beste, 172 minutu ematen dituzte horiekin jolasean. Haur eta gaztetxoen gogoko jokoetatik abentura, kirol eta ekintzakoak dira nahienak. Gazteen herenak telefono mugikorra dauka, erabilera pertsonalerakoa. Telefono mugikorra hitz egiteko eta mezuak jaso eta igortzeko (%80-%82) ez ezik, jolasteko ere baliatzen dute gazte askok (%51).
Gainerakoengandik isolatzeko, bakarrik eta eserita jolasteko joera geroz eta nabarmenagoa da gure seme-alaben aisialdi-aztura berri horietan. Ikea Ibérica S.A. enpresak eginiko azterketa baten arabera, haur gehienak (%60) bakarrik jolasten dira, beste batzuk (%35) adiskideekin eta umeen %3k baizik ez du nahiago familiarteko batekin jolastea; datu horietan, behintzat, neskato eta mutikoen artean ez dago alderik. Jolastoki gogokoena aire zabala bada ere (%68), jostatzeko beste leku bat hautatzean, norberaren gela aukeratzen dute erdiek (%46%), bertan dauzkatelako beren gauzak eta lasai egoteko bermea.
"Bakartasuneko aisialdi" horren aurkako aukera ohikoena merkatal gunea da, nerabeen txulo kuttun eta mina, bertan premia guztiak ase ditzakete-eta: bolatokiak, makinak, litxarreriak eta fast food erosteko dendak, zineak...
Informazioa Eroski consumer aldizkaritik gureganatua.
Irudiak google webgunetik gureganatuak.2011/11/15
Eskolaz kanpoko jarduerak
Jarduera gaztetxoak aukeratu behar du, bere zaletasun, nortasun eta trebezien arabera, ahal dela
Gimnasia, dantza, judoa, igeriketa, informatika, hizkuntzak, antzerkia, pintura, musika... Eskolaz kanpoko jarduerak ume askoren eskolaldiaren osagarri bilakatu dira; areago, osagarri ez ezik, benetako ikasgai eta, zeregin ugariko gurasoentzat, lasaialdi ederra ere bai. Eskolako ordutegiz kanpo egiten dira horrelakoak eta jakin-min eta kezkak pizten, area jakinen bateko ezagutzan sakontzen, sormena sustatzen eta balioak garatzen laguntzen dute. Ikastegian bertan zein akademian edo kirol klubetan praktika daitezkeen arren, jarduerak ez dira aldatzen, orokorki. Alde nabarmenena kostuan datza: eskolan merkeago izaten dira, aldez edo moldezko subentzioekin lagunduak baitaude eskuarki.
Zaletasunei dagokienez, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren lehen txostenaren arabera (bertan, irakaskuntzaren kalitatea balioztatzeko, Ministerio horren metodo berriari heldu zaio) espainiar ikasleen %65ek kirola -futbola, judoa eta gimnasia erritmikoa dira ikasleek gehien eskatzen dituztenak-praktikatzen dute; %17k informatika aukeratzen du eskolaz kanpo lantzeko, %15ek dantza klasikoa eta %35ek hizkuntzak (ingelesa, gehientsuenek).
Adituek diotenez, eskolaz kanpoko jarduerak baliagarriak dira, haur edo gaztetxoaren garapen pertsonalarentzat mesedegarri direlako eta ume horrek, ohiko ikastorduez beste aldera, jolasean emaniko aldi edo esperientzia ludiko gisa bizi behar dituen heinean. Seme-alabarentzat heziketa edo kirol jarduera hautatzean funtsezkoa da hark bere adostasuna agertzea; bestela, handik gutxira motibaziorik gabe ikusiko du bere burua eta jarduera hori gorrotatu egingo du atzenean. Eskolaz kanpoko jarduera horiek tamainan hartu behar dira, jakina: haurra helduaren jardunaldiari aurre egiteko prestatua ez dagoenez, oso litekeena da saturazioak umearengan estres emozionala sortaraztea.
Bideo honek zenbait aholku ematen ditu:
Beraz erne ibili eta burua erabili!!
Irudiak google webgunetik gureganatuak.
Bideoa you tube webgunetik gureganatua.
2011/11/30
Zaletasunei dagokienez, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren lehen txostenaren arabera (bertan, irakaskuntzaren kalitatea balioztatzeko, Ministerio horren metodo berriari heldu zaio) espainiar ikasleen %65ek kirola -futbola, judoa eta gimnasia erritmikoa dira ikasleek gehien eskatzen dituztenak-praktikatzen dute; %17k informatika aukeratzen du eskolaz kanpo lantzeko, %15ek dantza klasikoa eta %35ek hizkuntzak (ingelesa, gehientsuenek).
Adituek diotenez, eskolaz kanpoko jarduerak baliagarriak dira, haur edo gaztetxoaren garapen pertsonalarentzat mesedegarri direlako eta ume horrek, ohiko ikastorduez beste aldera, jolasean emaniko aldi edo esperientzia ludiko gisa bizi behar dituen heinean. Seme-alabarentzat heziketa edo kirol jarduera hautatzean funtsezkoa da hark bere adostasuna agertzea; bestela, handik gutxira motibaziorik gabe ikusiko du bere burua eta jarduera hori gorrotatu egingo du atzenean. Eskolaz kanpoko jarduera horiek tamainan hartu behar dira, jakina: haurra helduaren jardunaldiari aurre egiteko prestatua ez dagoenez, oso litekeena da saturazioak umearengan estres emozionala sortaraztea.
Bideo honek zenbait aholku ematen ditu:
Beraz erne ibili eta burua erabili!!
Irudiak google webgunetik gureganatuak.
Bideoa you tube webgunetik gureganatua.
2011/11/30
Durangoko azoka
Familia giroan abenduari hasiera emateko plan ederra proposatzen dizuet:
ZER: Durangoko diska eta liburu azoka
NON: Durangon
NOIZ: Abenduaren 4 tik 8ra
ORDUTEGIA: Goizeko 10:00 etatik Arratsaldeko 20.00ak arte
Hemen Durangoko azokaren web guneren linka jartzen dizuet. Bertan arakaztu azokaren egitarauaren berri izango duzue. Egitarauak aukera anitz eskaintzen ditu. Animatu eta goza ezagu Euskal Herriko kulturaz.
Giroan sartzeko hona hemen azokaren saltzaren inguruko bideoa:
Aurten Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek bere lan berria aurkeztuko dute asteartean Zapikolorua izenburupean. Hona hemen aurtengo antzezpenean ikusi ahal izango dugunaren aurrerapen bat:
2011/12/07
Mendi aldetik dator......OLENTZERO
Abenduan murgilduta gaude gure hiriko, herriko eta auzoetako kaleetan gabonetako argiak zintzilikatu dituzte. Balkoietan, terratzetan, lehioetan Olentzero begi gorriren irudia ikusten hasiak gara. Gero eta egun gutxiago falta zaizkigu Olentzeroren etorrera ospatzeko. Magiaz, ilusioz eta desioz beteriko hilabete bat daukagu aurretik.
Haurrak eskutitzak idazten hasiak dira eta Olentzerok....... berriz jolasak prestatzen eta txukuntzen.
Gure etxeko txikitxoei eta ez hain txikitxoei Olentzeroren etxea ezagutzeko gonbitea luzatzen dizuet. Mungian dagoen Landetxo Goikoa baserrira hurbiltzeko eskaria egiten dizuet. Pena merezi du eta....
Bitartean zintzoak izan.......
Bideoak You Tube webgunetik gurganatuak.
Eta ahotsak berotzen hasi........
Bideoak You Tube webgunetik gurganatuak.
ZORIONAK
ETA
URTE BERRION!!!






